domingo, 20 de abril de 2008

Inklusioa hitz potoloa

Hezkuntza bereziko ikasketak burutzen ari nintzala, Eskoriatzako unibertsitatean, bertako irakasle batek, Pilar Arnaiz Sanchez-ek idatzitako “Las escuelas son para todos” artikulua luzatu zigun. Iruzkin honetaz nik egindako ausnarketa da ondorengo "txapa" luze hori. Inklusio hitza entzun nuen eta irakurri nuen lehenengo iruzkina izan zen. 1996-koa da, urteak pasa dira, baina ez nahiko praktikan ezartzeko inklusio hitzak dakarkiena.




"Txostena irakurri ondoren, anitz interesgarria dela aitortu behar dut.. Hamaika gauza daudenez komentatzeko, Pilar Arnaiz-ek erabilitako egitura bera jarraituko dut, aipagarriak iruditu zaizkidan puntuak azpimarratu eta komentatuz. Kritika konstruktiboa egiten saiatuko naiz horretarako nire bizi gertaeretan oinarrituz .Alde batetik ikasle esperientzia izan dut, ondoren Pedagogiako, hezkuntza bereziko eta entzumena eta hizkuntzako tituluak lortu nituen. Eta ezagutza hauek nireganatzen nituen bitartean, hezitzaile lanean aritu nintzen, arlo oso ezberdinetan. 9 urte daramatzat heziketa lanean eta oso gustura. Aipatzekoa da ere, neure etxean irakasle asko garela, bat nire ama eta bereri esker txikitatik heziketa estiloaren garrantziaz ohartu naiz.


Lehenik eta behin gure Pilar Arnaiz-ek integrazio eta inklusioaren arteko ezberdintasuna azaltzen digu. Integrazioak bere helburua ez zuela lortu azpimarratzen digu, hau da, integrazioaren bidez eskolak ikasle guztiei erantzuna ematea ez dela posible dio. Beraz esan dezakegu integrazioa deusezten duela inklusioa goraipatzen duen bitartean. Erabiltzen duen argudio aberatsena da; ikasleak integratu behar ditugula esanez gero, onartzen ari garela, ikasle “bereziak”, “marginatuak”, “ezberdinak”...daudela. Bestalde , inklusioa kontzeptuak, komunitate bat garela azpimarratzen du, bakoitzaren ezberdintasuna aberatsa dela ohartaraziz. Puzzle bateko elementuak izango bagina bezela, bakoitzaren gaitasunak beharrezkoak dira komunitateak funtzionatzeko, puzzlean elementu bat falta izanez gero, ez dago osotua.


Ni Pilar-ekin erabat ados nago, bere argudioak konbenzitzen nau, baino ez dut uste integrazioa deusezteko eskubidea duenik, hau da, integrazio kontzeptuari esker iritsi gara inklusioaz ohartzera, beraz integrazioak bere helburua bete du, beti ere hezkuntza munduan aurrera pauso bat ematea. Ni ere inklusioaren erabat aldekoa naiz, baino inklusio kontzeptuak, denak garrantzitsuak garela eta puzzlea osotzeko beharrezkoak azpimarratzen badu, Pilar Arnaiz-ek idatzitako testuan emakume izaki, marginatua eta ez aipatua sentitu naiz. Testua erdal hizkuntzan idatzita dago, eta generoak maskulinoak izan dira. Non dago inklusioa? Eskluituta sentitzen naiz.





Hurrengo atalean, inklusioaren oinarria aurkezten digu;inklusioa, ikaslearen birtuteak goraipatzez eta beharrei erantzuna emateaz arduratzen da, ikasle guztiak komunitatearen partaide izaki, denak ongietorriak eta segurtasunez, arrakasta lortu dezaten. Diskurtso honekin erabat ados nago,ikasleek beren arrakasta lortu ahal izateko, eskolaren partaide sentitu behar dira, eta esan behar da Amara Berriko sistema burura ekartzen didala. Amara Berriko sistema, indibidualizazioan, sozializazioan, aktibitatean, sormenean, askatasunean, normalizazioan eta globalizazioan oinarritzen da. Ikasle bakoitza globala dela dio, beraz bere garapenaren esparru guztiak interesatzen zaizkie: nortasuna, harreman sozialak, arloekin lotutako ikasketak. Beren helmuga haurraren garapen armoniko eta globala sustatzea da. Norbera bere kontzeptu eta emozio eskematik abiatzen da, alegia, bakoitzak dakizkien gauzak dakizki eta modu ezberdinean bizi ditu. Norberak bere ahalmena du.


Ikaslea da, bai Amara Berriko eta bai inklusioaren programen ardatza, beraz esan bezala antzekotasunak aurki ditzakegu aipaturiko bi ideia edota sistemetan. Inklusioak ere erlazioetaz hitz egiten digu, hau da, alde batetik, ikasleen arteko erlazioetaz, bestetik irakasle eta ikasleen artekotaz. Erlazioak sozializazioa dira, denen arteko errespetoa izan behar dugu, aldamenekoaren ezberdintasunak baloratuz. Beraz, ikasleen arteko giro polita lortu behar da, irakasle eta ikasleen artekoa ere giro jator eta atsegina izaki.Gurasoen beharra ere aipatzen da, gurasoen inplikazioa eskatzen da, beraiek ere komunitatearen elementu ezinbestekoa direla azpimarratuz. Ondorioztatu dezakegu, bi sistema hauek komunitate kontzeptua ezinbestekotzat jotzen dutela, eta nik ere azpimarratu nahiko nuke komunitatearen aldekoa naizela, hirukia sortu behar da, komunitate hirukia, hau da, ikasle, irakasle eta gurasoek sorturiko hirukia.


Halere, Amara Berriko sistema alde batera utzirik, esan nahiko nuke, erlazioetaz hitz egiten dugunean irakasleen arteko erlazioak ahaztu egiten zaizkigula. Irakasleen kolegismoa bermatu behar da, ikastetxe batek ondo funtzionatzeko. Horretarako anitz garrantzitsua da, kasu honetan inklusioarekin denak ados egotea, eta inklusio hitzarekin denak gauza bera ulertzea. Irakasleen arteko harremanak indartzeko nire esperientzia xumeak ikastetxetik kanpo atera behar dela esaten dit; elkarrekin afariak eta hitz orduak



konpartituz. Bestalde aurretik aipaturiko ikasleen arteko harremanak eta ikasle eta irakasleen arteko harremanak era eskolatik kanpo, hau da, Pilar Arnaiz-ek dioen bezala bazkari, bidai, ikuskizunetan... anitz indartzen dira.


Arazo garrantzitsuenetako bat irakasleen motibazio falta dela esango nuke. Ikastetxearen filosofia inklusioan oinarritzen bada, bertako partaideak, lehenik eta behin irakasleek inklusioan senetsi behar dute, hau da ikasleak normalak eta bereziak bezala sailkatzeari utzi behar diote. Ikasleen bertuteak ikusten eta aniztasunaren aberastasunaz ohartu behar dira. Nola? Pilar Arnaiz-ek, taldean lan egiteaz, partaidetzaz, eta kontxultaz hitz egiten digu. Nire ustez ez da nahikoa, talde lana, partaidetza eta kontsulta behar beharrezkoak dira, baino nola sinetsi inklusioak funtzionatzen duela? Nola esan irakasle bati berziklatu behar duela? Ikasleen gidaria izan behar duela? Ikasleek ez dutela errepikatzen ikasi behar? Ez dela memoria bakarrik landu behar? Ikasleek pentsatzen ikasi behar dutela? Sormena landu behar dutela? Askasuna eman behar zaiela?


Azterketa bat gainditzen irakastea ez da zaila, guri horrela erakutsi ziguten eta titulo bat eta guzti lortu dugu, lizenziatuak gara, gure helburua lortu dugu. Ziur? Pentsatzeko askatasunik izan ez badugu, nola jakin gure helburua hona iristea zela? Beraz, esaten ari nintzen bezala, ikasleak zuk diozuna errepikatzea ez da zaila, ikasleak hezi behar ditugu, gure bete beharra ez da irakasketan amaitzen heziketan baizik. Inklusioaren helburua pertsona askeak sortzea da, beren kabuz pentsatzeko gai diren pertsonak, aldamenekoa errespetatuko duten pertsonak, aniztasunetaz aberastu diren eta abestuko diren pertsonak...


Irakas-ikaskuntza esanguratsuaren aldekoak izan behar dugu. Ikasle bakoitzaren gaitasunak kontutan izanik, ikasteko eskubidea duela konturatu behar gara."





No hay comentarios: